SAGARDOA GUREAN

SAGARDOA GUREAN

Imanol Azkue Ibarbia

Erraz eta erruz entzungo dugu gure inguruan ez dagoela ez sagardotegirik eta ez sagardogintzako tradiziorik, hori gehiago dela Gipuzkoako gune jakin bateko kultura, eta hiru herriren arteko urrezko hirukitik kanpo apenas dagoela sagardorik eta sagardogilerik, hortik kanpokoa hain benetakoa ez balitz bezala. Baina gure ezaupidea eta oroimena hain dira motzak eta kamutsak, hain laburrak eta hurbilekoak, ikuspegia zabalduz gero eta urrutiagotik begiratu, denboran atzera eginda, erreferentzia ugari aurkituko ditugu gurean sagardogintzaz eta sagardoaz; hainbeste eta hainbestekoak, beldurrik gabe eta harro esango dugu gure-gureak badirela, merezi baino gutxiago ezagutzen eta azkenaldian ia ahaztu baldin baditugu ere.

Orainari edo iragan hurbil eta ezagunari bakarrik begiratu beharrean, zabal dezagun ikuspegia eta egin dezagun atzera denboran, eta laster konturatuko gara sagastiak eta sagardoa oso presente zeudela aspaldi-aspaldi ere gurean, eta hori egiaztatzen da, adibidez, udalerriko mugak zehaztean, sarritan aitatzen direlako sagastiak, eta pentsatzekoa da sagardoa egingo zutela sagar haiekin. Adibide zehatz bat daukagu 1684an; izan ere, Zumaiako Udalak agindu zuen kanpoko sagardoa ekarri aurretik, bertakoa gastatu behar zela1; 1709an, berriz, Zumaiako Udalak arautu egin zuen sagardoa zenbatean salduko zen: “a la sidra pura dieron de precio cinco quartos el azumbre y a la aguada diez maravedíes”2. Lehia gogorra izaten zen bertako ekoizleen artean, zein nagusituko, eta badirudi garai hartan ere txakolingileek indar handia zeukatela; hauxe 1790eko zita bat, non alkateari eskumena eta agindua ematen zitzaion bertako txakolina babesteko, marinelek kanpoko ardoa ekartzen zutela-eta: “respecto a que los marineros de ella [Zumaiakoak] empiezan el abuso de traer vino navarro por mayor para beber entre ellos, en perjuicio grave de los cosecheros del lugar, y vea además que si se puede embarazar en esta villa con la venta de sidra, aunque es cosecha del País, por resultar también perjuicio a los cosecheros del chacolin”3.

Neurri haien bidez, bertako produkzioa babestu nahi zuten, baina, horrekin batera, beste asmo indartsuago batek ere mugiarazten zituen: zergen bidez, edarien salmentatik diru asko ateratzen zuten udalek; horrela, zergapetuta zeuden, besteak beste, ardoa, pattarra, txakolina, olioa eta sagardoa. Arbitrio edo zerga horiek kobratzeko lana enkantean ematen zuten, gehien eskaintzen zuenari; udal-ordezkariek kalkulatu nahi izaten zuten zenbateko diru-sarrera izango zuten, eta horretarako batzorde bat izendatzen zuten, herrian zenbat sagardo zegoen jakiteko; hauxe adibide bat, 1869koa: “Asimismo acordó formar una Comisión compuesta del concejal Don José María Rezusta (o cualquier otro concejal en su ausencia) en unión con el Secretario y el Alguacil para tomar nota de las existencias que hay de sidras y ha habido”4. Baina zenbat sagardo zegoen gure herrian? 1923an datua ere eman zuten: “Se da lectura del estado de existencia de sidras a la venta en los diferentes centros de despacho de esta villa, y que asciende a la cantidad de 79.939 litros”5; 1920an 3.000 zumaiar inguru bizi ziren; zatiketa eginda, 25 litro pasatxo zegozkion bakoitzari… Bada zerbait, ezta?

Lehen ere ahalegintzen ziren ahalik eta zerga gutxien ordaintzen, edo aukera izanez gero legeari iskin egiten, eta horren adibide politak dauzkagu sagardoarekin erlazionatuta. Horrela, 1913an, isuna jarri zioten Casilda Sorazuri, deklaratuak baino hiru kupel gehiago zeuzkalako sagardotegian: “se ha practicado el reconocimiento debido en la sidrería de Dª Casilda Sorazu, dando por resultado de que existen tres barricas de sidra más que los declarados o aforados para la existencia, manifestando en el acto la referida Sra. Sorazu de que dos de ellos son aguadas  que no sirven para la venta”6. Xanti eta Angel Osa Añeza anaiek ondo baino hobeto azaldu zituzten zergak ez ordaintzeagatik egiten ziren pikarokeriak, baita sagardoarekin ere, ahotsak.eus-eko bideo batean7; etxean zenbat sagardo egiten zen ere aitortu egin behar izaten zen, eta txaperoa (udaltzaina) ibiltzen zen etxez etxe zaintzen, eta auzoko batek sagardo kupela ezkutatua zuen, beste sagardorik ez zeukala, baina bilobak egia aitortu zion txaperoari; umeek beti egia esaten dutela…

Sagardoaren gaineko zerga zela eta, etengabeko gatazka izaten zen sagardogileen eta udalen artean. Udalentzat diru-iturri oparoa zen sagardoa, eta edozein sagardori ezarri nahi izaten zion zerga; ekoizleek, berriz, ondo bereizten zituzten bi produktu: alde batetik, pitarra, sagar joaren zukua urarekin nahasi eta fermentazio minimoa zeukana, normalean etxean kontsumitzen zena; beste aldetik, sagardoa, sagarren zukua, batere urik gabea, eta etxean kontsumitzeaz gain, saldu ere egiten zena. Ederki desberdintzen dituzte biak 1925eko dokumentu batean: “[pitarra] es la que se hace con la manzana prematuramente caída del árbol con adimento de un cincuenta por ciento de agua, para consumo exclusivo de la familia”; sagardoa, berriz, honela: “elaborada con esmero y sin ningún componente más que el de zumo de manzana seleccionada para su venta en establecimientos públicos”8. Pitarra nola egiten den jakin edo ikusi nahi izanez gero, EITBko bideo batean azaltzen dute, Joseba Argiñanoren programan9.

Zerga kentzeko hainbeste aldiz eskatzeak gauza bat adierazten du garbi: sagardogileei kasu handirik ez zietela egiten. 1926an, adibidez, 96 lagunek sinatu zuten eskaera, zergaren zati bat ordaintzeko prest zeudela, baina osorik ezetz; hilabete batzuk geroago, abenduan, Udalak zerrendatu egin zituen ordaindu ez zutenak eta bakoitzak zenbat ordaindu behar zuen, eta ez zegoen barkatzeko; urte berean (1926an), gainera, Arrangoletako eskola berria finantzatzeko, Udalak zerga berriak ezarri zituen, eta tartean zen sagardoaren gainekoa. Beste adibide bat: 1944an Gobernadore Zibilak eskatu zuen zerga jaisteko, baina Udalak ezezkoa eman zuen.

Urte batzuk atzera eginda, ikusiko dugu sagastiak erruz zeudela, eta gure inguruko baserri gehienetan egiten zela sagardoa, sagastietatik sagarra biltzen zutelako eta baserrian bertan edo ingurukoren batean dolarea bazegoelako sagarra jotzeko; adibidez, Oikia eta Artadi aldean, dolareak zeuden (eta oraindik badaude batzuetan) Muniosoron, Loren, Epeolabekoan, Txortengoazarren, Torren, Gorostiagan… Baserrian dolarerik ez bazuten, gurdia sagarrez beteta eramaten zuten auzokora, txandan-txandan jotzen zuten, eta kupela bete sagardo eraman bueltan baserrira; kupeletan ondo mantentzen zen edaria, hartzitzen, eta Aste Santuaren bueltan, ilbeheran, botilaratu egiten zuten, iraunarazteko. Botilek ere lana ematen zuten: urte osoan aritzen ziren inguratzen, eta ez ziren orain bezalakoak, ohiko sagardo botila berdeak, baizik eta edozein botilak balio zuen, baita anis- eta xanpain-botilek ere, ondo-ondo garbituta.

Beraz, baserrietan ohikoa zen sagardogintza, eta, gainera, Zumaiako herrigunean sagardotegiak zeuden. Horrela, Jose Manterola Beldarrainek 1871 adierazten duenez10, lau sagardotegi eta bi ostatu zeuden Zumaian. Sagardotegi horien arrasto ugari daude dokumentazioan, gehienetan berritze-lanekin erlazionatuta, batez ere urarekin edo komunekin zerikusia zeukaten obrekin: 1916an, edalontziak garbitzeko iturria jartzeko agindu zien Udalak11; 1924an, berriz, Migel Aginagalderen alargunak eta seme-alabek ur edangarria jartzeko baimena eskatu zuten, San Jose 4 zenbakian zeukaten sagardotegirako, eta Udalak ohartarazpena ere egin zien, obra osorik egiteko: “debiendo advertirles que deben proceder a la colocación del retrete bajo y lavabo con agua corriente en su dicho establecimiento o expendeduría de sidra”12. Beste batzuetan, berriz, sagardoa saltzeko baimena eskatzen zuten: 1910ean, Manuel Elorriagak (Puerto kalean)13, Casilda Sorazuk14, Manuel Zubiak (Kale Nagusia 14an)15, Larrañagak Harategi kalearen atzealdean16; 1919an, Felipe Aramendik baimena eskatu zuen Lino Ostolazaren alargunaren sagardotegian (gaur egungo Anaden) sei kupel sagardo saltzeko17; 1924an, Vicente Larrañagak baimena eskatu zuen “se le autorice a la apertura de un establecimiento para expender sidra, en el pabellón, número 12 de la calle de la Ribera”18; 1924an, Francisco Etxabe Kerejetak baimena eskatu zuen “para apertura de un establecimiento para la venta de sidras, en la casa nº 2 de la calle Echezarreta”19… Beraz, ezin ukatu sagardoa bazela gurean, eta zumaiarrek sagardo asko kontsumitzen zutela ere ez.

Sagardotegian jende ibiltzen zenez, han ere izango ziren algarak eta oihuak, pozak eta haserreak, eta sagardotegietan gertatu ziren gero epaitegian bukatu zuten kontu batzuek. Adibide polita da 1887koa: mikeleteen sarjentuaren emaztea sagardo bila jaitsi zen gau batean, Erribera kaleko sagardotegira (seguru asko, gaur egun Anade elkartea dagoen lekura); han zeudenetako batzuek komeni ez zen zerbait esan eta emakumeak haietako bati belarrondokoa eman zion; orduan istiluak izan ziren, are handiagoak senarra (sarjentua) sagardotegira sartu zenean, emaztea iraindu zutenak atxilotzera20.

Batzuen oroimenean, oraindik ere hor daude sagardotegien izenak, ezagutu zituztelako: Bidasororena, Ardantzabiden; Karrakolorena, Petxatokiko kalestuan; Xarrenekoa, Amaiako plazan; sarrondotarrena, San Telmo kalearen barrenaldean; “Gautxori”, Jadarren, artean hainbeste etxe ez zegoenean… Duela urte gutxi arte, sagardotegiak ezagutu ditugu Arroa aldean (Maai Zelai eta Txindurri-iturri, adibidez) eta Oikian (Txortengoazarren21); Zalla taberna zabaldu zenean, 1987an, sagardotegi-erretegi kategoriarekin eskatu zuten baimena, baita Muniosorok ere, 1999an.

Duela ez hainbeste, Zumaiako herrigunean sagardotegiak nagusi zirenean, sagardotegira joateko eta egoteko ohitura zegoen, eta horixe izan zuen gogoan Joseba Garate Elosuak, ahotsak.eus-eko elkarrizketan22, Upela sagardotegia (Anade) mintzagai: sagardotegira norberak eramaten zuen jatekoa (adibidez, sardinzarrak), eta garaiaren arabera, beste arrain batzuk (txitxarroak, sardinak…) ere erretzen zituzten kanpoaldeko parrillan; etxeak basoak jartzen zituen, eta hainbeste kobratu bakoitzagatik; gogoan du kupel handiak zeudela, eta baserrietan egindako sagardoa ekartzen zutela gurdietan.

Baina aurrerabidearekin, sagardoa kamioietan ekartzen ere hasi ziren. Horrela, 1952an, zinegotzi baten arabera, “tiene noticias de que el día 22 del pasado mes entró en esta villa un camión a gran velocidad, el cual transportaba sidras que cree no habrán satisfecho los derechos Municipales y solicita se investigue lo que haya sobre este asunto en beneficio de los intereses Municipales”23; 1959an, berriz, Andres Agirrezabalagak sagardoa zekarren kamioian, eta Fielatoan geldiarazi zuen Txaperotxikiak: “manifestando que traía sidras. 85 litros para su casa y 280 litros para Dª Natalia Ibarra, de esta localidad, procedentes de Astigarraga y entregó las guías de ambas partidas al mencionado guardia, y le ordenó que dicha mercancía tenía que ser depositada en la Alhóndiga Municipal (…) pero a pesar de todo, las indicadas partidas de sidra, las llevó, entregando a la mencionada Dª Natalia Ibarra su partida y el resto lo llevó a su garage”24. Beraz, ordurako Astigarragatik ekartzen hasiak ziren sagardoa…

Sagardotegirik ez daukagu gaur egun herrigunean, baina sagardoa saltzen eta ematen ikusi dugu herriko tabernetan Euskal Jai Egunean; gezurretako kupeletako zirietatik txotx basora, eta Beheko plazan sagardo-dastaketa. Sagardoa ematen da, baita ere, inguruko auzoetako ohiko jai gehien-gehienetan: Elorriagan sansebastianetan, Artadin sanmigeletan, Oikian sanbartolomeetan, Arroa Behean karmenetan eta sanisidroetan, Narrondon sankristobaletan…

Hori guztia azalduta, etor gaitezen atzera orainera eta lasai eser gaitezen lagunekin mahaiaren bueltan, pitxarra sagardoz beteta. Itzal dezagun telebista eta ezkutatu mobilak, eta hitz egin dezagun berriez eta zaharrez, egiez eta gezurrez, errealitateaz eta ametsez, eta nahi gabe igo dezagun konbertsazioaren bolumena pixkanaka, eta agian norbait hasiko da kantuan “Ikusirik pasatzen…” eta segidan jarraituko diote beste hiruk, seik, “astoak ugari…”. Aspaldian ez bezala, kanta dezagun eztarria lehortu arte, jaikiko da-eta baten bat sagardo hotz eta gozoaren bila. Txurruuuuuuuutttttttttttt!!

1) Zumaiako Udal Artxiboa, 67/2 (302R-302V), 1684-05-22an.
2) ZUA, 68 (245V-246R), 1709-12-01ean.
3) ZUA, 69 (188V-189R), 1790-01-10ean.
4) ZUA, 73/1 (230), 1869-11-03an.
5) ZUA, 2844 (167R-168R), 1923-03-28an.
6) ZUA, 2836 (108), 1913-01-09an.
7) Ikusi hemen: https://labur.eus/eJ2AX.
8) ZUA, 2874 (443-445), 1925-07-30ean.
9) Ikusi hemen: https://labur.eus/04HUe.
10 MANTEROLA BELDARRAIN, José: Guia Manual de la Provincia de Guipúzcoa. Hemen:
https://labur.eus/JaTzS.
11) ZUA, 2840 (61-67), 1916-03-26an.
12) ZUA, 2874 (286-289), 1924-11-06an.
13)ZUA, 2834 (250-251), 1910-06-23an.
14) ZUA, 2834 (244-247), 1910-06-16an.
15) ZUA, 2834 (296-299), 1910-09-09an.
16) ZUA, 2838, 56-57, 1914-10-29an.
17) ZUA, 2843, 12R-12V, 1919-07-26an.
18) ZUA, 2874 (283-286), 1924-10-30ean.
19) ZUA, 2874 (322-325), 1924-12-18an.
20) ZUA, 226.07, 1887-05-03an.
21) HABE aldizkarian, 163. zenbakian (1989ko azaroa), erreportajea zekarren, “Sagardoaren goxoa
etxerako denean” izenekoa, eta Inaxio Larrañagak ederki azaltzen zituen sagardogintzaren
gorabeherak. Hemen: https://labur.eus/dRkeM.
22) Hemen: https://labur.eus/DLcmk.
23) ZUA, 2859 (48V-49V), 1952-06-13an.
24) ZUA, 2877 (124V-125R), 1959-02-03an.